Lana eta gizartea ulertzeko esparru berrien alde egiten dugu. Askeak eta autosufizienteak gara.
Objektuen Gaikako Bilketa eta Berrerabiltzeko zein Birziklatzeko Prestaketa egiten dugu.
Banakako eta taldeko hazkuntza-eskola, indibidualismoaren aurrean alternatiba bat.
Lurra eta gizakiak errespetatzen dituen klaserik gabeko gizarte baten alde egiten dugu lan.
Abbé Pierre
Pierre Abadeak (Henri Grouès, Lyon 1912 – Paris 2007), 1949an Emaus Mugimenduaren eta Emaus Komunitate direlakoen sustatzaileak, beti onartu zuen bere ekintza beharrak eragindakoa izan zela. Gerraondoko Parisen, desberdintasunak eta muturreko miseria nagusi zirela, etxegabetutako emakume bat hotzak hil izanaren eraginez piztu zen “1954ko matxinada” deitu zena. Pierre Abadea buru zela, amorruzko eta haserrezko oihu batez deitu zuten gizartea injustiziaren aurrean altxa zedin. Iritzi publikoaren aurrez aurre jarri zuten bazterketa eta desberdintasun errealitatea, Europan askatasuna, eskubideak eta demokrazia irizpide berritzat aldarrikatzen zireneko une hartan.
Trapuketariak gara, eta gure lana gauzak biltzea eta berrerabiltzeko eta birtziklatzeko prestatzea da. Gure lan prozeduretan pertsonak lehenesten ditugu, enpresa kapitalistan ez bezala. Gure lan errealitate guztia Ekonomia Sozial eta Solidarioaren irizpideen arabera antolatzen eta gauzatzen da: pertsonen garrantzia, parekotasuna, justizia, elkartasuna eta ingurumena. Gure lanaren emaitzez betetzen ditugu gure beharrak eta behartasun egoeran dauden beste kolektiboen proiektuak ere laguntzen ditugu.
Parisen Emausko Trapuketarien lehenbiziko Komunitatea sortu zenetik honakoa da gure irizpide nagusia: “geure lanetik bizitzea”. Ez gara bizi kanpoko diru-laguntzen baitan, geure lanetik baizik. Honek aske egiten gaitu, gure izaera edo pentsaera baldintzatuko duen loturarik gabe. Era berean, gure elkartasunezko laguntza guztiak mendetasunezko harremanak ekidin eta autosufizientzia gaitasunak sustatuz egiten ditugu.Gure diru-sarrerak era honetan banatzen dira:* % 56 zerbitzu-emateko hitzarmenak* % 39 berreskuratutako objektu eta materialen salmentak* % 5 diru-laguntzak
* Gure lan jarduna murriztu genuen lagun gehiagok lan egiteko.* Gure gastuaren % 74'6 soldatak dira. Etekinak helburu sozial eta solidarioetara bideratzen dira erabat, edo lagun gehiago hartzera gure artean.* Soldata parekoak: gure soldatak berdinak dira lankide guztientzat, erantzunkizun eta karguen ondoriozko desberdintasunik gabe.* Pertsona guztiok eskubide-subjektuak gara eta lan-arautegien arabera antolatuta gaude.* Taldearen % 60 gizonezkoak eta % 40 emakumezkoak gara, adin guztietakoak eta 33 herrialde desberdinetatik etorriak.
Berriozarko BPGa
Gaur-gaurkoz ehun-gaiak, liburuak, altzariak eta etxeko gauzak, gailu elektriko eta elektronikoak, papera, kartoia, beira, plastikoa, pilak eta abar bildu eta tratatzen ditugu. Objektuon berreskurapenarekin ahalbidetzen dugu euren erabilgarritasun zikloetara itzularaztea, “hartu-ekoitzi-kontsumitu-suntsitu” eredu ekonomiko suntsigarria hautsiz. 1993an 2.400 tona objektu eta material desberdin bildu genituen; 2001ean 6.000tik gora; 2022an 13.060 inguru, eskulanez egindako berreskurapena % 84koa delarik. Gure lana, Nafarroako Gobernuaren bultzada eta Mankomunitateen aitormena erabakigarriak izan dira 20.000 m2ko zentro berri honen alde jokatzeko, non gure lan-prozedurak eta berrerabilpenaren emaitzak hobetu, hiritarren sentsibilizazioa landu eta lanpostu berriak sortu nahi ditugun.
Gure lana 16 Mankomunitatetan egiten dugu. Aipagarria da, gauzen mugimenduagatik eta populazioaren tamainagatik, Iruñerriko Mankomunitatearekiko hitzarmena, tamaina handikoak, oihalak, TEEHak eta beira bilketak antolatzen dituena eta gure lanaren % 60 eramaten duena. Era berean, aipatzekoa da Iruñetik hasita eta ondoren beste mankomunitateetara zabalduta, gaur egun “etxeko gauzen eta arropen bilketa etxean bertan aldez aurretik eskaria eginda” instituzionalizatutako errealitatea dela ia Nafarroa osoan. “Atez ate” delako metodo honek hiritarrekiko harreman gertukoa izateko eta objektuen berreskurapen hobea egiteko aukera ematen du.
Kontsumo lasterketa Lurraren baliabideak agortzen ari da. Ez gara naturaren jabeak, haren zati txiki bat baizik, eta beraz haren zaintzaren ardura dugu. Ingurumenarekin dugun konpromisoa egunero gauzatzen da:1. Euri-ura edo akuiferoetako ura berrerabiltzen dugu.2. Energia berriztagarriak erabiltzen ditugu: kontsumitzen dugun energia elektriko osoaren % 100 iturri berriztagarrietatik dator.3. Gure Ingurumen Balantzea egiten dugu: zenbat CO2 igortzen eta zenbat aurrezten dugun kalkulatzen dugu.4. Hondakinen Prebentziorako Sentsibilizazioa egiten dugu: Iruñerriko Mankomunitatearekin batera hainbat jarduera egiten ditugu.
Trapuketariok Hondakinen Europako 2008/98/CE Zuzentarauak hondakinen hierarkiari buruz dioena betetzen dugu:1° Prebentzioa: gutxiago ekoitzi eta kontsumitu, eta modu arduratsuan (sortutako hondakinak murriztekotan).2° Berrerabiltzeko Prestaketa: aztertu, garbitu eta konpondu errefusatutako objektuak berrerabili ahal izateko.3° Birtziklatzeko Prestaketa: hondakinetatik ateratako materialak bereizi eta sailkatu berriz erabili ahal izateko, lehengai gisa nahiz aldaketa-pieza gisa.
Hazkunde Pertsonaleko eta Kolektiboko Eskola
Leku hau ez da komunitate terapeutiko bat, pertsonaren garapenerako gunea baizik, talde bizitzan eta lanean parte hartzeko eta norberaren zailtasunen kontzientzia hartzeko. Komunitateko kide izatea aukera librea da, eta eskubide nahiz betebeharrak ditu berekin. Ez dago eperik, pertsona bakoitzak erabakitzen du Komunitatean egon nahi duen aldia, bere beharren eta proiektu pertsonalaren arabera.Oinarrizko arauak honako hauek dira:1. Begirunea eta askatasuna hitzetan eta ekintzetan.2. Buru-suntsiketarako edozein era (alkohola, drogak, etab.) eta bortizkeria errefusatzea.3. Solas egitea, elkar ulertzea, malgutasuna eta begirunea, desberdintasunei aurre egiteko eta elkarbizitzarako tresna bakarrak.
1985ean Mendillorriko Villa Simonatik Beltzuntzeko gaurko gure etxera aldatzeak bizitzeko eta lanerako leku gehiago izatea ekarri zuen, eta ondorioz, gure artean lagun gehiago hartzeko aukera. Baina urteak joan urteak etorri, hura ere txiki geratu zitzaigun, eta 2002an erabaki genuen, Nafarroako Gobernuaren laguntza tartean, etxea egokitzea, gelak eta zerbitzuak hobetzeko. Eraikuntza bioklimatikoaren aldeko hautua eginda, arkitektura, orientazioa, isolamenduak, eguzki-izpiak hartzeko sistemak, guztiak zaindu genituen. Ura eguzki-plaken bidez berotzen dugu, eta euri-urak erabiltzen ditugu. Material naturalak eta berreskuratuak erabili dira eraikuntzan, eta lanean aritu diren enpresek enplegu soziala bermatzen dute.
Urte gutxiren buruan Komunitatea bete zen, eta lagun gehiago hartzeko aukerarik ez izanik, lan eremua zabaldu genuen bertan bizi ez ziren lankide berriei atea irekiz. Pertsona nahiz errealitate gehiago izateak lan eskubideen inguruko gogoeta eragin zuen. 1993an guztiok lortu genuen lan arautegien arabera egokitzea. Talde bizitza sustatzen dugu. Lanaz gain, jarduera mota asko eramaten ditugu aurrera, elkarrekin hazten gaituztenak. Baratza dugu auzolanean, heziketa jarduera anitz (trapuketariona, harreman-trebetasunak, eta abar), txangoak, jaiak eta beste talde batzuekiko topaketak egiten ditugu, esaterako Emaus Komunitateen Topaketa. Eta beti gogoan dugunez salaketa eta pentsaera kritikoa, gogoeta politikorako guneak eratzen ditugu.
Inor Trapuketariengana iristen delarik, adeitasunez eta parekotasunez egiten zaio harrera, eta laguntza eta oinarrizko beharrak betetzeko modua aurkitzen ditu bertan. Pertsonaren eta taldearen heziketa sustatzeko gunea da gurea, eta aldi berean bazterketa, sufrimendua eta pobreziaren aurka borroka egiteko lekua. Trapuketarietan pertsona guztiok dugu beti aukera bat, beti eraiki ditzakegu gure oraina eta etorkizuna, iraganaren zamak okertu edo galarazi gabe zer garen edo izan nahi dugun. Harrera gizaki garen aldetik egiten da, iraganetik aske, norberaren hautuak begirunez hartuz, arraza, jatorria, genero, sexu, erlijio edo ideologia, guztiak berdin.
Elkartasunak identifikatzen gaitu
Inork ez du pobrezia merezi, ez da naturak berez emandakoa. Pertsona eta instituzio batzuek, indarraren eta egitura politiko nahiz ekonomikoen babesa eurekin dutela, eragiten dute askoren pobrezia, eta hori ez da bidezkoa. Traperook apustu egiten dugu klaserik gabeko gizarte baten alde, pertsona guztiok bizitza duin, seguru eta askea eramateko aukera izan dezagun. “Soziala” denak dimentsio politikoa dauka, taldearen eta pertsonaren etikarekin batera eraman behar dena, begirunetik sustatuz bazterketarik gabeko elkartasuna eta abegikortasuna.
Sareetan lan egiten dugu, ez dugu aurrera egiten lanean bakarrik egonen bagina bezala, harroturik, onenak edo bakarrak garelakoan, edo beste talde sozialekiko lehiakortasun jeloskorrean. Aitzitik ere, uste oso-osoa dugu guk defendatzen ditugunak balio unibertsalak direla, bihotz oneko pertsona eta gizarte guztienak. Badakigu “Elkarrekin gauzak aldatzen ahal ditugula”.Honako Sare hauetako kideak gara:1. Nazioarteko Emaus eta Europako Emaus2. Nafarroako Pobreziaren Aurkako Sarea3. Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea (REAS)4. Talde Berreskuratzaileen Elkartea (AERESS)
Abegikortasun zabala eta atseginez eskainitakoa izan da, eta orain ere hala da, “Trapuketari estiloaren” muin-muinean dagoen jokabidea. Lagun iritsi berriei atea zabaltzen diegu eta ongi eta eroso sentiarazten saiatzen gara, nor garen eta zertan aritzen garen adieraztearekin batera. Aniztasunak aberasten gaitu, eta harro-harro gaude hogeitamarretik gora herritako pertsonak elkarrekin begirunez bizitzeko eginahal honetaz. Elkartasun jardueraren adibide argia da gure “enpleguaren banaketa”, ordu gutxiagoz lan eginez lanpostu gehiago sortzea dela helburu. Enpleguaren banaketa da, gure ustez, gizartea zuzentasunez eta elkartasunez hazteko ekimenik eraginkorrenetakoa.
Emausko Trapuketariak bere zentzu osoa hartzen du elkartasunaren gauzapenean. Hau agertzen da, baita ere, beste pertsona, talde nahiz herriekin partekatzerakoan, dela elkartasunezko ekintza zuzenen bidez, dela Nazioarteko Emausen bidez, haren programa politikoetan:- Oinarrizko eskubideak eskuratzea- Ingurumen justizia eta justizia soziala- Bakea eta pertsonen zirkulazio askatasuna